Gure historia
Aitonak Errenteriako merkatu zaharrean nire amarentzako arrandegi-postu bat hartu zuenean, seguraski ez zitzaion burutik pasako hirurogei urte geroago negozioak martxan jarraituko zuenik.
1960
1960/03/01Mª Pilar Los Santos Elicegui, nire ama, 1960ko martxoaren 1ean hasi zen arrain-saltzaile, 20 urte zituelarik. Garai hartan, ezkontzearekin batera, emakumeek lan egiteari uzten zioten (etxetik kanpo, jakina; etxe barruan…) eta familiaren euskarri ekonomikoa gizonen mende egoten zen.
Aitzitik, gure etxeko euskarri ekonomiko nagusia amaren esku zegoen, eta ez zaigu inoiz ezer falta izan; ama langile peto-petoa eta emakume independentea izan da.
Erantzukizuna, zintzotasuna, zuzentasuna eta leialtasuna dira harengandik ikasitako balioetako batzuk.
1993
1993/01/01Arrandegian lanean hasi nintzen. Ogibidea ikasteko garaia izan zen, eta pixkanaka gero eta erantzukizun handiagoa hartzen hasi nintzen.
2001
2001/01/01Oraindik merkatu zaharrean geundela, amak erretiroa hartu zuen eta negozioaren buru geratu nintzen. Nire moldera egokitzen hasi nintzen guztia.
2005
2005/01/01Merkatu zaharrak ateak itxi, eta guztiak joan ginen Niessen merkataritza-gunearen barnean eraikitako merkatu berrira. Hori aldea! Nork bere hotz-ganbera, instalazio berriak, aire girotua (amaitu zen neguan hotzaz akabatzen egotea eta udan bero handia pasatzea). Beste garai baten hasiera izan zen.
2015
2015/01/01Arrandegia modernizatu, eta sasoi eta ohitura berrietara egokitu nahi izan nuen. Iraultza! Ideia bikaina bururatu zitzaidan, egunero arrandegiaren erakustokiaren bideo bat grabatzea eta merkatuko ordutegian erostera etorri ezin duten bezeroei bideo hori whatsapp bidez bidaltzea. Facebook, Instagram, Youtube, sare sozialetan ere agertzen hasi nintzen. Eta horretan jarraitzen dut.
2021
2021/10/08Arrandegia eraberritzea
Silvia Mata & Imanol Hernández arkitektoen lana ikusgarria da. Emaitza abangoardiako arrandegia da, praktikoa, garbia eta ederra. Harroago ezin naiz egon.